Izenburuan agertzen den galdera zehaztasun mota bat litzateke, itxuraz
sinple, arrunta, gardena, ideologiarik gabekoa, edonork erabiltzen duena eta
bigarren esanahirik gabekoa dirudiena…
Ba, ez! Zehazteko galdera gehienak bezala, maltzurra, hautatzailea, sailkatzailea,
ideologia baztertzaileak sortutakoa da.
Litekeena al da zauden tokikoa ez izatea? Ez. Izatea bakarrik
orainaldian izan daiteke; beraz, galdera horrek ez du zentzurik, zeren eta
erantzun posible bakarra da “hemengoa naiz”. Ez iraganean ezta etorkizunean ere
ez gara, eta ondorioz, galdera hori egitean ezagutu nahi duguna jakingo genuke
aldez aurretik eta erretorikoa izango litzateke, informazioa lortzerik emango
ez duena.
Beraz, zer da galdera horrek izkutatzen duena edo, hobe esanda,
zergatik egiten dugu galdera hori?
-“Garbi dago, mutil, honekin jakin nahi dena da non jaio den pertsona
bat, besterik gabe” -esango didate gehienek-.
Baina ez da besterik gabe, zoritxarrez: jaio garen lekuak/herriak gure
izatea eratzen duelako ustea barneratuta dugu, kontziente edo inkontzienteki, hau
da, uste dugu jaioterria baino askoz gehiago jakitea lortuko dugula galdera
hori egitean. Eta oker galanta hori aurreiritziak sortua da, beste aurreiritzi
askoren iturria delarik. Izan ere, norbait ezagutu ezean bere jaioterria
ezagutzeak nor (eta nolakoa) izan daitekeen baieztatzera garamatza.
Horregatik, hain zuzen, askotan modu ezberdinez erantzuten zaio galdera
horri, segun nor den galdetzen duena. Aurreiritziak “hurbil” kokatzen badu galdera
egiten duena, jaioterria edo hiria aipatzen da; urrutiago kokatzen badu,
eskualde; urrutiago bada, autonomia; eta urrutiago bada, askenik, estatua. Eta
botere jokoan sartzen gara maiz, zeren eta segun zein den galdetzen duenaren
maila soziala jaiolekua edo bizilekua aipatzen da, ezberdinak badira noski, edo
biak, baina lehentasuna haietariko bati emanez. Horrela, “Madrilen bizi naiz,
baina jaiotzez Mañerukoa naiz” esatetik, “Madrilekoa naiz” esatera pasa daiteke,
uste baita jaioterriak eragina daukala besteekiko erlazioetan.
Eta, ziur aski, egia da jaioterriak baldintzatzen duela aurrean dugun
lagunaren mailaketa. Zoritxarrez, jaioterriari ematen zaion garrantzia
errealitatean gertatzen denarekin lotuta dago. Hain zuzen ere, hiri handietan
jaiotzeak edo bizitzeak bertan bizi diren lagunei nolabaiteko handikeria ematen
die, dituzten gaitasunak hirien tamainarekin konfundituz.
Aurrekoa, baina, ez da lengoaiaren tranpa bakarra. Hasieran esan
bezala, jaiotzen garenetik gure izateari zehaztasunak (mugak) jartzen zaizkio
eta muga bakoitza indibidualtasuna azpimarratzeko egina dago, besteengandik
bereizteko eta banatzeko alegia. Gramatikan, izenondoak deitzen dira muga
horiek. Benetan, izenondo mota batek bakarrik balio beharko luke pertsonak
zuzentasunez bereizteko: izenondo moralak, alegia. Beste gainerakoak bereizteko
baino banatzeko eginak daude. Hasten da izenarekin, zeinak gizon edo emakumea
garela adierazten duen; geroago, kasu gehienetan, batailatuta gara beste
erlijioetatik bereizteko; hurrengoa, erregistro zibilean inskribatzen gaituzte
eta horrela hiritartasunaren parte bihurtzen gara, hots, “hemengoak” izatera
pasatzen gara kanpotarretatik bereizteko. Eta hori guztia guk kontzienteki
parte hartu gabe, besteek gure ordez egiten baitute.
Lengoaiak errealitatea adierazteaz gain aurreiritziak ere agerian uzten
ditu. Idatzi honen hasierako galderaren bidez aurrean dugun laguna kokatzen
dugu berari buruz ezer gehiago jakin gabe. Aipatzen duen tokiak (“nongoa zara”
galderari erantzuten diona) gutarra den edo ez adierazten du eta, ez hori
bakarrik, segun eta zein den toki hori barneratuta ditugun tokien hierarkian
sailkatzen dugu. Izan ere, tokiaren bidez lehen mundukoa den edo ez, zer nolako
kultura daukan, herrikoa edo hiritarra den, eta abar... Eta horren arabera gure
jarrera egokituko da, modu berdinean edo ezberdinean tratatuko dugularik.
Zaila da, ditugun ohiturak kontuan izanda, aurreiritzirik gabeko ezagutza izatea giza erlazioetan, eta erronka ederra dugu gure aurrean hori lortzeko. Horregatik oso inportantea da lengoaiaren mekanismoek nola funtzionatzen duten jakitea bere tranpetan ez erortzeko. Erronka horrek gure ahalegina merezi duelakoan nago.
No hay comentarios:
Publicar un comentario