viernes, 1 de mayo de 2026

Matrioska



Duela gutxi jakin izan dugu Koldo Garciak bere elkarrizketa asko grabatzen zituela eta hori oso arbuiagarria dela gizarte-moralean. Ia salbuespenik gabe mesprezuz hitz egiten da komunikabide gehienetan Koldok egindakoari buruz eta zer esanik ez bere alderdikideek eta beste alderdien kideek esandakoari erreparatzen badiogu; orduan, mesprezuari gorrotoa ere gehitzen zaio eta.

Koldoren auziari esker, mezu nazkagarria zabaltzen ari da politika munduan, hau da, hemendik aurrera ezin izango garela fidatu ezta gertukoenekin ere. Dena den, ez da Koldoren bidez ailegatu zaigun lehen abisua, zeren eta gizarte-mugimenduetan infiltratutako poliziak betidanik existitu den errealitate gordina izan da, duela denbora gutxi Madrilen eta Katalunian berretsi den bezala.

Zer da honekin lortu nahi dena? Ezkerraren indarrak gehiago higatzea barne-kontrolean kanpo-jardueran baino. Ezin dugu amu honetan erori behar, baina garbi dago zerbait aldatu behar dela erakundeen funtzionamenduan erraztasunak ez emateko.

Koldok gizarte honen ustelkeria agerian utzi du, baina ez bakarrik mesfidantza eta traizioak nonahi aurki daitezkeela frogatzen duelako, ez, hainbeste aldarrikatzen den askatasuna fikzio hutsa dela frogatzen duelako baizik. Zergatik? Bera atxilotua izan denean berak grabatutako guztia aurkitu dute eta bere telefono elkarrizketak ere argitaratu dituzte. Horrek zera esan nahi du: hitz egiten dugun dena ez dela pribatua eta gehienak edo guztiak grabatuta geratzen direla guk kontrolatzen ez ditugun tokietan.

Oroitzen naiz nola 1996 urtean ETAko neska kide baten egunerokoaren edukia argitaratu zuten, nahiz eta ez zuen inolako interesik ikuspegi polizial edo judizialetik. Orduan agertzen hasia zen morbo nazkagarria, orain araua bilakatu da eta erabat zabalduta dago.

Foucault filosofoak bere “Zaintzea eta zigortzea” liburuan panoptikoari buruz idatzi zuen, itxuraz libre zen gizarte batean zeuden kontrol egiturak salatzeko. Zoritxarrez ez dira seriotasunez hartu Foukaulten argudioak, eta orainaldian jasaten duguna itxukeria horren ondorioa da. Horrela ba, Benthamen eta Orwellen ideia sinesgaitzak errealitate bilakatu dira: gure telefono edo internet bidezko elkarrizketa guztiak garbatuta eta gordeta geratzen dira eta, ez engainatu, ez dira batere sekretuak epaile batek eskatzen dituen arte, baizik eta boterea maneiatzen dutenen esku geratzen direla. Eta botere hori ez da hauteskundeen bidez banatzen dena, botere ekonomiko dutenena baizik. Ez hemen, eta ez inon, ez dago aldarrikatzen den independentzia judizialik, ezta botere banaketarik ere. Dagoena da botere bakarra, ez hautatua eta bere interesak defenditzeko estatua erabiltzen duena. Eta botere hori moldatzen da uneoro dagoen errealitateari. Horrela, behar duenean, gerlak eragiten ditu, gaur ikus daitekeen bezala, eta, behar duenean, ongizate estatua bultzatzen du.

Alde on bat dauka, dena den, Koldoren inguruan gertatutako guzti honek: Hipokresia galtzen ari da bere eragina, engainatzeko gaitasuna ia ezerezean geratzen ari delako. Nor fidatuko da orain esaten edo agintzen denaz? Azkenean susmoaren filosofia politikara zabaltzen ari da eta instituzioei eskatu behar zaien gardentasuna opakutasuna bihurtu da sistema kapitalista honetan. Ahaztu, beraz, liberalismo hitza gure gizartea kalifikatu behar dugunean. Ahaztu ere Camusen burutazioak helburu eta bitartekoei buruz, jada ez du merezi hausnarketak egiteak etika ikuspuntutik helburua lortzeko zer bitartekoak diren onargarriak erabakitzeko. Hori ahuldunentzat geratzen da, ez dirurik ez armarik ez dutenentzat, alegia. Israelek egiten duena, Trump egiten duena eta usteldutako politikari guztiak sistema ekonomiko-politiko honen fruitua baino ez dira.

Kasu egin diezaiokegu nahi dugunari, askeak garela ere sinets dezakegu, baina ez da izango errealitatea ezkutatzen digutelako eta bera ezagutzeko tresnarik ez dugulako. Orain, Koldo eta antzekoei esker, Makiaveloren aholkuak politika egiteko bide bakarra bilakatu direla sinetsarazi nahi digute. Baina, ez da egia. Garaile ateratzen den proposamen politiko bakarra da gardentasunez transmititzen dena eta, honetan, ezkerra da denontzako mezua duen bakarra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario